2019(e)ko ekainaren 11(a), asteartea

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA 2019: BALORAZIOA

Igandetik egun batzuk igarota, iritsi da balorazioa egiteko ordua. Koldokidetik argi dugu: gure balorazioa oso positiboa da, hainbat arrazoirengatik.

Lehenenik eta behin, igandea egun bikaina izan zelako, denbora luzez egindako lanaren emaitza biribila. Errenteria herri abegitsua da izatez, eta igandean ere besoak zabalik hartu genuen gurera hurbildu zen oro. Antolakuntza aldetik ez zen inolako gorabeherarik izan, eta jendeak egitarau zabalaz gozatu ahal izan zuen. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak eta Ene Kantakeko nahiz Demode Quarteteko lagunek familia ugari bildu zituzten, baina gainerako jarduera eta tailerretan ere ez zen jenderik falta izan.

Publiko desberdina erakartzeko ahalegina egin genuen, baita lortu ere: goizean haur aulkiak eta familiak ziren nagusi, eta arratsaldean, berriz, gazte jendea ere hurbildu zen jaira, Izaki Gardenak eta Nogen taldeen kontzertuak ikustera, besteak beste. Jendeari giro lasaian kalitatezko eskaintzaz gozatzeko aukera eman nahi izan genion, eta lortu genuen.

Bigarrenik, egunean bertan eta ikasturte osoan zehar lanean aritu diren boluntarioen jarrera ezin hobea izan delako. Festaren antolaketa lankidetza eta inplikazio adibide aparta izan da. Jende mordoa aritu gara lanean musu-truk, eskola publikoaren alde. Elkarlana oso balio garrantzitsua da indibidualizaziorako joera nagusi den garai honetan. Ikas komunitate osoa inplikatu gara antolaketa lanetan: familiak eta ikastetxeak; gurasoak, ikasleak, irakasleak eta irakasle ez diren langileak. Eskerrik asko guztiei, zuek gabe ezinezkoa izango zen eta.

Hirugarrenik, eta hedabideetan entzun eta irakurri dugunari erreparatuta, argi geratu delako ezinbestekoa dela hezkuntzari buruzko eztabaidari heltzea. Horixe zen, hain zuzen, gure helburuetako bat, jendartean hezkuntza sistemaren gaineko hausnarketa sustatzea. Irekiera ekitaldian ere entzun genuen hausnarketarako deirik.

Gure ustez, gizarte ororen oinarria da hezkuntza; eskolek gizarteko errealitateei erantzun behar diete, eta errealitate horietara moldatu behar dute, haurrak baitira gure herriaren etorkizuna. Hortaz, uste dugu apustu irmoa egin behar dela hezkuntza hori kalitatezkoa, doakoa, parekidea eta euskalduna izan dadin, edozein umeren aukera berdintasuna bermatze aldera. Hori guztia lortzeko, gaur egun dugun hezkuntza sistema aldatu beharra dago, eta hori guztion artean adostuta bakarrik lortuko dugu. Sinetsita gaude bide horretatik egin behar dugula aurrera. Ez dezagun aukera alferrik galtzen utzi! Guk behintzat, Koldokidetik, ekinean jarraituko dugu.

Izan ere, eta hau da gure balorazio positiboaren laugarren eta azken arrazoia, ahaldunduta eta indartuta atera gara prozesu honetatik, lanerako gogoz eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest.

Eskerrik asko, benetan, lagundu diguzuen guztiei, baita igandean Errenteriara etorri zineten guztiei ere.

Koldokide Guraso Elkartea





Ene Kantakeko lagunekin gainezka egin zuen Herriko Plazak.


Puzgarrietan haur asko ibili zen egun osoan zehar.



Familia ugari hurbildu zen henna eta perkusio tailerretara.


Rockalean ikuskizun ibiltariak dantzan jarri zuen publikoa.


Izaki Gardenak taldearen kontzertuak bestelako publikoa ere erakarri zuen.

Nogen taldeak kontzertu bikaina eskaini zuen.



Jantokia jendez gainezka egon zen egun osoan zehar.


Garazi Pascual ekilibrista irekiera ekitaldian.



Nexgraffen grafiti bikaina jaiaren lekuko izango da aurrerantzean ere.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina