Urtarrilak 26ean Berria aldizkarian argitaratutakoa: / Publicado el 26 de enero en Berria (euskera):
(Araceli Montes Calvo eta Josean Bueno Saez de Albeniz - Steilas)Irakaskuntza publikoa langile klaseak jendearen alde erdietsiriko konkistarik ederrena da», esaten du parte hartzaileetako batek Hezkuntza salgai dokumental interesgarriaren hasieran —zinemetan eman ondoren, egunotan Youtuben dago ikusgai—. Izan ere, irakaskuntza publikoak, gainontzeko zerbitzu publikoekin batera, gizarte baten zibilizazio maila adierazten du. Guztiontzako osasuna, hezkuntza, segurtasuna, pentsioak, egoera larri edota zaurgarrian daudenen zaintza... urte askotako borrokaren emaitza izan dira; eta eskubide horiek erdiesteko eta bermatzeko lanean jarraitzen dugu, gaur-gaurkoz justiziazko eskaera horietan oraindik borrokatzea beharrezkoa baita. Azken urteotan zerbitzu publikoen aurka bortizki ari da neoliberalismoa, murrizketekin eta pribatizazio politikekin. Diruaren askatasuna aldarrikatzen dute —ez neurri berean pertsonen askatasuna—. Pribatizatzearen aldeko politika horiek ondorio sozial larriak dituzte, eta desberdintasun soziala areagotu da: aberatsak gero eta aberatsago, alde batetik; gehiengoaren pobretze gero eta larriagoa, bestetik. Hezkuntzan ere, gizartearen polarizazio sozialarekin batera, maila sozioekonomikoaren araberako eskola-segregazioa haziz doakigu, gero eta era nabarmenagoan. Testuinguru larri horretan, eta askotan beharko lituzketen baliabideak gabe, hezkuntzaren profesional ugari ari dira beren onena ematen eskola publiko kalitatezkoa egunez egun sortzeko: eskola publikoa gizarte justuago baterako funtsezkoa dela sinetsita daude.
Gora euskal eskola publikoa! Batzuek, iraintzeko asmoz pentsatu nahi dut, publikoa eskola «españolista» edo «jakobinoa»deitu dute berriki; errealitatea, ordea, oso bestelakoa da: gaurko EAEko eskola publikoa jendea euskalduntzeko inoiz egon den makinarik eraginkorrena da. Haur eta Lehen Hezkuntzan, sare publikoan, 105.748 ikaslek ikasten dute euskaraz D ereduan —sare horretako ikasleen % 94—. Ikastetxe itunduetan, aldiz, 61.195 ikaslek ikasten dute D ereduan —pribatuko ikasleen % 59—. Zenbakiak argiak dira: EAEko sare publikoa ekarpen erabakigarria ari da egiten euskararen alorrean. Gerora begira, jendartearen kohesiorako eta hizkuntzaren biziraupenerako ez da makala eskola publikoa egiten ari den lana! Iparraldean, egoera oso zailean, bidea irekitzen ari da eskola publikoan, Seaskako ikastolen ekarpen garrantzitsuari esfortzuak gehituz. Eredu elebidunetik murgiltze eredurako jauzia egin da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eskola publikoetan eta guztira 17 haur eskola publikotan hasi dira murgiltze ereduan. Ikas-Bi guraso elkartearen lana oparoa izaten ari da Iparraldean. Nafarroa Garaian euskaraz ikasten duten ikasle gehien-gehienek publikoan ikasten dute, %76k, alegia —19.904 ikasle publikoan; ikastetxe pribatuetan 6.406—; hala ere, badago lana egiteko, beste 41.734k publikoan eta 30.478k pribatuan gaztelaniaz ikasten baitute.
Gora euskal eskola publikoa! Edonork propio senti dezakeen eskola da, bertan inplikatzeko, seme-alabentzat aberasgarri diren ekintzak prestatzeko, erabakitzeko, kolaboratzeko, pila bat amak edo aitak egiten duen moduan, guraso elkarteetan orduak eta orduak sartuz. Irakasleek ere propio har dezaketen eskola, proiektuak erabakitzeko eta proposatzeko, baita zuzendaritza arduretarako beren burua eskaintzeko: eta gurasoek, langileek, irakasleek, ikasleek... zer ekarri badute. Izan ere, eskola publikoak bertan daudenen erabakietan du bere jardunaren zati handia, batzuetan zoragarria izan daitekeena, batzuetan ez hain ona ere litekeena.
Gora euskal eskola publikoa! Gora oraindik lortu ez dugun eskola publikoa ere bai! Izan ere, oraingo eskola publikoa ez da gure eredua, ez da nahi duguna, ezta amesten duguna ere. Eskola publikoa defendatzeak ez du esan nahi oraingo eskola publikoa, dagoen bezala, nahi dugunik. Eskola publikoa defendatzea ametsa ere bada, Euskal Herrian gizarte justuago eta zintzoago baten zerbitzura diharduen eskola baten ametsa: guztiontzako eta guztiok sortutako eskola bizi, eraginkor, euskaldun, feminista eta kritikoa, jatorriko desberdintasunak konpentsatzeko balio duena. Horregatik, gure eskola zabalagoa nahi dugu, demokratikoagoa, eskola komunitatean bertan eta inguruarekin parte hartzea garatzen duena. Autonomia gehiagorekin nahi ditugu gure eskolak, gure proiektuak eta gure antolaketa lekuan lekuko beharren arabera moldatzeko. Profesionalagoa nahi dugu gure eskola, prestakuntza eta garapen aberatsarekin, beti zer hobetu eta zer berritu dagoela pentsatzen duen eskola. Baliabidez ongi hornitua ere behar dugu, askotan eskutan duguna oso motz geratzen baitzaigu aurrean dugun erronkei aurre egiteko.
Makina bat taupada martxan dabil eskola publikoan, makina bat bihotz, makina bat egitasmo. Gora euskal eskola publikoa! Bai noski! Gora, bada, euskal eskola publikoa, duguna eta, batez ere, eduki nahi duguna!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina